XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskaldunontzat zein ote da gogoangarriagoa, Zinema Festibalera etortzen ziren ospetsu hispanikoek ganbak plantxan jateko bisitatzen zuten karrika nagusiko Bar Manolo, ala Fermin Imazek, Txirritaren kontra amorratuta, jaka lurrera bota zuen Easo karrikako Manuelen taberna?

1990eko otsailean Donostiako Udalak merezitako omenaldia egin zien hiriaren aldeko jardunean ia mende bateko esperientzia eskaintzen zuten dendei, hots, 75 urte baino gehiagoko antzinatasuna izan eta oraindik ateak zabalik zirauten denda guztiei.

Besteak beste, eta ehun lagun elkartu zituen ekintza hura ilunpean uzterik nahi ez zuenez, Udalak berak lan bat enkargatu zuen ondare aberats hura jasotzeko, liburu gisan. Hurrengo urtean argitaratu zen, formato handian, argazki ederrez hornitua, kuxe paperean eta 500 orritik gorakoa.

Bertan ez da euskarazko jardunaren aztarrenik, inon. Okerrago, euskara behin azaltzen da liburuan: Entre los viejos papeles del Eceiza (Antiguako taberna) aparece un curioso catecismo en euskera editado el año 1915 y del que reproducimos alguna de sus páginas. Asteteren Doctrina Cristiana bat da, Juan de Irazusta erretore Hernialdekoak ipini zuena euskaraz.

Harrigarria da, nola eta zenbateraino eman diezaguketen min erdaldunek, batere gaiztakeriarik gabe: euskara bitxikeria zaie.

Kanpotik etorri behar

Ez ote dute Donostiako dendariek euskarazko publizitaterik egin, inoiz? Ez, ez dute egin... Ez dute inoiz egin... Erdal prentsan ez.

Horregatik, Donostiako dendarien historia ofizial honek ez du kontuan hartzen beren jardunaren zati bat besterik.